XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txirrindularitza

Euskadi taldeko zuzendaritzak dimisioa aurkeztu du.

Erabaki horren ondorioz hauteskunde kanpainari hasiera eman zaio

Miguel Madariagak gidatzen duen zuzendaritza taldeak dimititu egin zuen Euskadi Txirrindulari Taldearen bazkideen aurrean.

Ondorioz, Durangon (Bizkaia) egin zen asanbladan hauteskundeak antolatu ziren.

Joseba Ganboa prest azaldu zen Euskadi Taldearen ardura hartzeko, eta hauteskundeetara aurkeztuko dela adierazi zuen.

Euskadi taldeko zuzendari eta txirrindulariak uztarrilean egindako aurkezpenean.

Asier Iturriagaetxebarria/Durango

EUSKADI Taldearen zuzendaritzaren dimisioak ez du inor ezustean hartu.

Azkenengo asanbladan, martxoaren 10ean eginikoa, adierazi zuten ez zutela denbora gehiagoan jarraitzeko asmorik, eta bazkideei laguntza eskatu zieten.

Durangoko Pinondo Etxean atzo egin zen bileran aurreikuspenak bete ziren eta junta bazkideen eskuetan utzi zuten.

Lau urte daramatzagu zuzendaritzan, eta nahiko nekatuta gaude, adierazi zuen Euskadi Taldeko presidente Miguel Madariagak.

Proiektua dagoeneko egonkorra zela azpimarratu zuen.

Dimisio horrekin hauteskunde kanpaina martxan jarri da, eta epeak onartu zituzten.

Abuztuaren 20an hautagaiak aurkezteko epea zabalduko da.

Epe hori irailaren 8an bukatuko da.

Hautagaia bakarra bada irailaren 18an presidentea eta haren taldea izendatuko dituzte.

Irtetzen den zuzendaritza taldeak baieztatu nahi ez bazuen ere, badirudi badagoela hautagai bat.

Joseba Ganboa bermeotarrak hauteskundeetara aurkeztuko dela azaldu du dagoeneko.

Hala ere, bazkideen artean zalantzak zeuden, eta galderetako bat izan zen inor aurkezten ez bada nork jarraituko zuen.

Madariagak esan zuenez, gehienez abenduaren 31a arte egongo gara, baina itxura batean ez da hori gertatuko.

Proiektua indartzen ari da

Madariagak proiektua indarra hartzen ari dela nabarmendu nahi izan zuen: Badirudi argia ikusten ari garela.

Jarrera horrek ez dauka zerikusirik martxoan egin zen asanbladarekin.

Egun horretan aurpegi tristeak ziren nagusi, baina orain egoera hobea dela ematen du, adierazi zuen Madariagak.

Azken aste honetan egon diren zurrumurruez ere hitz egin nahi izan zuen: Komunikabideetan irakurri dut gu ez gaudela gustura Txomin Perurena eta Lakarekin.

Nik hori gezurtatu nahi dut.

Gure zuzendaritza taldeak konfiantza osoa du Perurenarengan, eta oso pozik gaude haren lanarekin.